logo

Jasotako ekarpen nagusiak

2013ko martxoaren 14 eta 15ean bake prozesua bultzatzeko Foro Soziala egin zen, erakunde anitz eta pluralek antolatu eta bultzaturik. Nazioarteko lehen mailako adituek parte hartu zuten Foroan eta bere esperientziak eta hausnarketak eman zituzten ezagutzera desarmeari eta preso eta iheslarien itzultzeari, Giza Eskubideen bermeari eta iraganari aurre egiteko moduari buruz.

Aldi berean, erakunde antolatzaileek herritarren ekarpenen bilketa prozesua jarri zuten abian. Horrela, gomendioen dokumentuaren atal hau bai nazioarteko adituek bai pertsona parte-hartzaileek egindako ekarpenen sintesia da.

Egiaztapen batekin hastea beharrezkoa da: jendartea egoera berri batean dago, ETAren indarkeriaren amaierak markatua. Orain arte ezagutu gabeko momentua da, ideia eta ekintza berritzaileak eta eraberritzaileak exijitzen dituzten erronka berriak planteatzen dituena. Munduko beste toki batzuetan prozesuak nola garatu diren ezagutzeko aukera izan genuen Foro Sozialean. Baina gure eredu propioa topatu behar dugula errepikatu zuten behin eta berriz nazioarteko adituek.

 

Ondorio nagusia: adostasunak beharrezkoak dira

Bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialaren bi saioetan, munduan izan diren beste bake prozesu batzuei buruzko esperientziak entzun ahal izan ziren. Esperientzia horietako bakoitzaren berezitasuna aintzatetsi eta errespetatuz, horietan guztietan funtsezko ideia bat nabarmendu dela ikusi dugu izendatzaile komun bezala: konsfiskazioa, desegitea eta presoen itzultzea, Giza Eskubideen bermea, iraganari aurre egin eta etorkizuneko elkarbizitzaren oinarriak ezartzea helburu duen agenda baten erronkei heldu zaien bakoitzean, adostasun zabalen eremu bat egon da, gai horiei guztiei modu ordenatuan, eraikitzailean eta erabakitzailean heltzea ahalbidetu duena.

Horregatik, hau da nazioarteko adituen ekarpenetatik eta herritarren proposamenetatik nabarmentzen dugun ondorio nagusia: maila politikoan, erakundeetan zein gizartean adostasun zabalak lortzeko gai izateak berebiziko garrantzia du eta erabakigarria da eta adostasun horiek bake prozesua errotzeko mekanismo eta ekimenak zeintzuk diren definitzea ahalbidetuko dute.

 

Desarmea gauzatzeko egutegi bat

Desarmea eta ETAren egituren desegitea osagai erabakigarriak dira bakea berreraikitzeko eta errotzeko, preso eta iheslarien itzultzearekin batera.

Desarmea, NBEren arabera, arma arin zein astunen, munizioaren eta lehergaien bilketa, dokumentazioa, kontrola eta eskualdatzea da. Bestetik, desmantelamendua talde armatuetako borrokalari aktiboen botatze formala eta kontrolatua da, erakundearen egituren desegitearekin batera.

Formatu ezberdinak izan ditzake desarmeak: armak ematea, horiek baliogabetzea edo biltegiratzea bitartekoek kontrolaturik.

Desarmea eta desmantelamendua pauso garrantzitsuak dira bakea eraikitzeko prozesuen baitan, beharrezkoak baitira indarkeriaren mehatxua edo indarkeriaren mehatxuaren pertzeptzioa deuseztatzeko. Era berean, indarkeria bukatu dela adierazteko froga sinboliko eta hautemangarria dira, bai eta konfidantza helarazten duen keinu garrantzitsua ere, gatazkaren eraldaketarekiko konpromiso argia erakusten duelako. Azkenik, epe luzera egonkortasuna bultzatzen duen segurtasun neurri bat dira.

Desarme eta desegiterako printzipio orientatzaileak

-Konfiskazioa erabateakoa dela bermatzeko, bakea eraikitzeko hitzarmen zabalago baten parte izatea komeni da. Ildo honetatik, komenigarri da ez ezartzea desarmatzea aurrebaldintzatzat, herritarren segurtasuna bermatzeko gertatu beharreko jazoeratzat baizik. Horregatik, egokia da zentzuzko tarte batean egitea, gehiegizko atzerapenik gabe.

- Desarmeak eta desegiteak bai erakundeei zein jendarteari, oro har, bermeak eskaintzen dizkien mekanismo baten diseinuaren beharra dute. Zentzu horretan, ETAren desarme eta egituren desegite agenda baten diseinuak Nazio Batuen Erakundearen gomendioak aintzat hartu beharko lituzke, desarme eta desmobilizaziorako perspektiba berriei dagokionez (1) eta armamentu eta munizioari buruzko arauei dagokionez (2).

- Desegite eta desmobilizazio zakar batek erakundeko kideak bereiztera eraman ditzakeen hutsunea sor dezake. Aldiz, desarme eta desegite ordenatu batek botere hutsuneak ekidin ditzake eta erakunde armatuetako kideak itzultzera gidatu, diziplinari eutsiz.

- Beste bake prozesu batzuetan ikusi izan da, itzultzeko aukera bat eskeintzeak armen konfiskazioa errazteko erabakia hartzeko aukera gehiago eskeintzen dituela. Epe luzera, erakunde armatuetako kide-ohiek alderdi politikoetan, kide-ohien taldeetan edo euskarri diren egituretan bere tokia izateak ere laguntzen du.

- Erakunde independienteen partaidetza garrantzitsua da prozesuan zehar erakundeen konfidantza areagotzeko eta talde armatuek segurtasun bermeak izan ditzaten. Sinesgarritasuna duten eta inpartzialtasunez ikusten diren pertsonak izan behar dute, nazioarteko zein tokiko lekukoak bateratzeko aukera dagoelarik.

- Munduko beste inongo tokitan jendarteak ez du izan betekizun garrantzitsurik gisa honetako gaietan, baina euskal jendartea eta bere erakundeak eraberritzaileak izan daitezke desarme eta desegite prozesu baten diseinuan.

 

Preso eta iheslarien itzultzea

Itzultzea neurri juridiko eta sozial multzo bat da, prozesu konplexua, ez lineala, sakona eta dinamikoa, preso eta iheslariei zuzendua, zenbait baldintzarekin, berriz bizitza sozialean parte har dezaten herritar libre bezala zentzuzko denbora tarte batean.

Preso eta iheslarien itzultzea beharrezko faktorea da bake prozesu baten baitan. Gizarte normalizatu bat lortzeko ezinbesteko elementua da.

Preso eta iheslariak itzultzeko printzipio orientatzaileak

-Presoak eskubideak dituzten subjektuak dira. Beren Giza Eskubideak errespetatu eta bermatzeko betebeharra eta agindua dauzka Estatuak. Ildo honetatik, Europar Batasunak eta NBEk onetsitako espetxe-politikako printzipioek izan behar dute bere egoera orientatzeko gida, hala nola zigorra presoaren jatorrizko lekutik hurbil betetzeko eskubidea, bai eta larri gaixoturiko presoen egoerari konponbidea ematea edota zigorra bete dutenen askatasun eskubidea ere.

- Terrorismoaren aurka borrokatzearen aitzakiapean onetsitako salbuespenezko neurriek justifikazioa izateari uzten diote indarkeriak markaturiko egoera batetik indarkeria amaitu den beste baterako trantsizio testuinguru batean.

- Legediaren eremu orokor baten baitan, presoen itzultzearen prozesua era mailakatuan, indibidualizatuan eta prozedura bide argiak jarraituz egin behar da. Preso bakoitzak indarkeriaren amaierarekiko, elkarbizitzarekiko eta bake prozesuaren bultzadarekiko konpromiso argia erakutsi behar du. Prozesuak orokorra izan behar badu ere, hau da, preso guztiei zuzendua, premiazkoa du banakako garapena.

- Presoak eta iheslariak beraiek itzultze-prozesuaren protagonista eta buru izatea garrantzitsua da.

- Itzultzeak plan integral bat behar du. Plan horrek formakuntza, lan merkatuan sartzea eta laguntza psikologikoa zein osasun arlokoa hartu behar ditu bere baitan.

- Itzultze-prozesua gizarte zibilak presoekin hitz egin dezakeenean errazten da, horien behar eta itxaropenak ezagutuz, eta presoek ere uler dezaten zer ekarpen espero duen jendarteak beraiengandik indarkeriak tokirik izango ez duen etorkizuneko elkarbizitza batean.

- Gizarteak biktimei laguntzeko ahalegina egin behar du, entzun behar ditu eta bide honetan lagundu.

 

Giza Eskubideen bermea

Giza Eskubideak arazoaren zati izan dira, izan ere, larriki urratu dira. Horrenbestez, funtsezko zati izan behar dute, halaber, konponbideetan.

Giza Eskubideak bide-orria dira eta iritzi politikoetatik kanpo egon behar dute. Pertsonen duintasuna bermatzea da helburua, Giza Eskubideekiko errespetuzko kultura baten bihotzean dagoen printzipioa izanik.

Giza Eskubideak bermatzeko printzipio orientatzaileak

- Epe laburrera, egun jazo daitezkeen Giza Eskubideen urraketak etetea izan behar da helburua. Epe ertainera, Giza Eskubideak babesteko sistema berraztertu behar da etorkizunean gehiegikieriak galerazteko. Horregatik, eraginkorki defenditu eta babesteko, Giza Eskubideei buruzko agenda bat izateko akordio zabala beharrezkoa litzateke.

- Zigorgabetasunak ezin du tokirik izan. Nazioarteko lege ordenamenduarekin bat ez etortzeaz gain, egia, justizia eta aitortzaren printzipioen kontra eta biktimen eskubideen kontra joango litzateke. Dena den, nazioarteko estandarrek justiziaren aplikazioak bake prozesu baten testuintugurua aintzat hartzea baimentzen dute.

- Alde horretatik, beharrezkoa da legeak aldatzea, Giza Eskubideekiko errespetua bermatzea nahikoa ez den arren. Giza Eskubideak bake prozesu baten baitan sartzeak askoz gehiago eskatzen du. Batik bat, alde batera utzi behar dira “gu” (onak) eta “haiek” (gaiztoak) bereizten dituzten eta nagusi diren talde-narrazioak. Kontaera sozial barneratzaile berri bat garatzen hasi beharra dago, elkarbizitzarako suntsitzaileak diren narrazio erak, bereziki Giza Eskubideen funtsezko baloreei aurka egiten dietenak, ahulduz.

- Giza Eskubideak bermatzeko elementu garrantzitsu bezala, terrorismoarekin zerikusia duten zigor-legearen artikuluak berrikusi behar dira, modu baketsuen bitartez, aldaketak defenditzen dituztenen jarrera edo iritziak ez direla delitutzat joko ziurtatuz.

- Aldaketa politikoak modu baketsuan sustatze hutsagatik talde politikoak edo elkarteak legez kanpo uztea bultzatzen duen legedia aldatzea ere lagungarri litzateke, bai eta espetxe-politika nazioarteko estandarretara moldatzea eta edozein motatako atxiloketa edo espetxeratzearen jasale diren pertsona oro babesteko Printzipio Sorta ere.

- Beste jarduera eremu bat tortura kasuak eta tratu txarrak prebenitzea da: inkomunikazio erregimena deuseztatzea eta, bitartean, atxilotuentzako bermeak areagotzea (abokatuaren eta medikuaren hautaketa, senideei komunikazioa). Alde honetatik, lagungarri litzateke tortura eta tratu txarren salaketak ikertzeko mekanismo independiente bat finkatzea eta Istanbulgo protokoloa ezartzea tortura pairatu duten pertsona guztien errekonozimendurako.

- Giza Eskubideen bermeak beharrezkoa du, halaber, bere eduki eta errespetuari buruzko hezkuntza eta pedagogia soziala sustatzea.

- Gizarte normalizatu batean, segurtasun indarren jarduerak eta presentziak krimenak saihesteko nazioarteko estandarretara egokitu behar du. Hortaz, horien kopurua eta presentzia aipatu errealitatera eta indarrean dagoen legedian sorburu duen eskumenen eremura egokitzea beharrezkoa da.

 

Iraganari aurre egin eta etorkizuneko bizikidetzaren oinarriak finkatu

Iraganari aurre egiteko prozesua Giza Eskubideen urraketak gauzatu diren testuinguru batean indarkeriazko ondareari heltzeko prozesua da. Indarkeria eta bereizketa ondare bati konponbidea ematea, irtenbidea aurkitzea, aldatzea edo gai horri heltzea du xede.

Iraganari aurre egitea konpromezu argiak eskatzen dituen epe luzerako prozesua da: erakundeetan eta baita herritarren arteko harremanetarako gune oinarrizkoenetan ere.

Premiazkoak ditu maila guztietako partaidetza eta ikuspegi zabal eta orokor bat, zeinetan biktimek betekizun bat duten, prozesu hau funtsean soziala dela ahaztu gabe.

Iraganari aurre egiteko printzipio orientatzaileak

- Iraganari aurre egiteko akordio zabal batek helburu hau erdiesten laguntzen du. Haatik, ez da nahitaezkoa lan egiten hasteko.

- Iraganari aurre egin gabe bakearen eraikuntza prozesu bati heltzeak itxiera baliogabea ekarriko luke, bukatugabea eta ahula jendartearen kohesioaren ikuspuntutik. Jendartearen amnesia eta ahanztura erraztea errazagoa litzateke, baina arriskutsuagoa eta bidegabeagoa jendartearentzat. Memoria zaintzeko erronkak lehenbailehen hasi behar du, denboraren iragaitearekin lauso edo lanbro dadin ekiditeko.

- Memoria beharrezkoa da biktimentzat eta herritar guztientzat. Gizarteak betekizun nagusia du jazotako guztiaren memoria zaintzeko orduan.

- Talde memoriak anitza, irekia, objektiboa eta eskuzabala izan behar du. Memoria bakar, estanko, zurrun, subjektibo eta interesduna eraikitzea eragotzi behar da. Iraganaren ikuspegi ezberdinekin batera elkarbizitzen ikasi behar da. Garrantzitsua da memoria barneratzailea izatea. Horretarako, zintzoak izatean dago giltza.

- Iraganean eta sufrimenduan ainguratuta gelditzea saihestu behar da. Bakearen eraikuntzan aurrera egin beharra dago akatsetatik ikasiz, etorkizunean bizikidetza hobea izateko itxaropenarekin.

- Biktima guztiak berdin tratatu behar dira. Giza Eskubideen urraketa berdinera, memoria, egia, justizia eta ordaintza eskubide berdina.

- Egindako mina aitortzea garrantzitsua da iraganeko akatsak errepika daitezen galarazteko. Era oso ezberdinetan adieraz daitekeen enpatia saiakera bat egitea garrantzitsua da: ezberdin pensatzen duenari entzun, biktimei entzun, modu eraikitzailean eztabaidatu, gai zailei buruz elkarrizketan jardun, autokritika eta egindako akats larriengatik barkamena eskatzeko saiakera zintzoak sustatuz.

- Lengoaiari eta sinboloei kasu egin behar zaie. Ez daitezela eraso modu bihurtu. Elkarbizitza bultzatuko eta ez oztopatuko duen lengoaia eta narratiba berri bat bilatu.

- Inplikaturiko aktore guztiak partaide dituen eta erakundeek bultzaturiko eta buruturiko eta gizarte zibilaren laguntza duen egiarako mekanismo bat, independientea, eratzeak iraganari aurre egiteko eta etorkizunerako oinarri sendoak finkatzeko prozesu honetan laguntzen duela erakusten du esperientziak.

- Elkarrizketa eta adiskidetze jarduerak ez dio heldu behar soilik jazotakoari, zer gertatu den eta zergatik gertatu den itauntzen duten galderek giza eskubide guztien oinarri demokratikoak eta errespetuzkoak finkatzeko ahalmena duen elkarrizketa batera eraman behar dute -giltzarri baita errepikapena ekiditeko bermeak ezarriko dituen etorkizuneko elkarbizitza baterako-, erakundeen, alderdi politikoen eta gizarte zibilaren partaidetza zabal eta aktiboaren bidez.

 

Herritarren parte-hartzea

Gizarte zibilak toki garrantzitsua izan behar du bake prozesuan. Blokeo edo zailtasun uneetan, elkarrizketak, elkarretaratzeak eta lankidetzak prozesua jendartearen oinarrian abian mantentzea ahalbidetzen dute, alderdien artean eta erakundeetan eraginez eta hitzarmenak bultzatuz. Gainera, herritarren partaidetza honek elkarbizitza eraikitzen eta berreraikitzen laguntzen du. Horregatik, funtsezkoa da herritarrek partaidetzarako gune propioak izatea bake prozesuaren bultzadan.

 

Emakumeen parte-hartzea

Bake justu eta iraunkor baten bilaketak berdintasunean eta pertsonen duintasunaren errespetuan oinarrituriko bake prozesua behar du. Bake prozesu horren baitan beharrezkoa da, halaber, emakumeen ahotsa barne-hartzea, beraien bizipen bereziak eta gatazkei/desenkontruei aurre egiteko dituzten mekanismo ezberdinak barne-hartuz.

Beraz, bake prozesua garatzeko inplementatzen diren erakunde guztiek, emakumeen ordezkaritza parekatua izan behar dute. Halaber, presoak itzultzeko, giza eskubideak bermatzeko eta iraganari aurre egiteko inplementatzen diren mekanismo guztiek emakumeen berezko arazoak eta mekanismo horiek emakumeengan duten eragina aintzat hartuz diseinatu behar dira.

 

Gazteriaren parte-hartzea

Gazteek partaidetzarako gune partekatuak eduki behar dituzte, eta baita haienak eta ez beste inorenak direnak ere. Enpatiarako eta malgutasunerako gaitasun handiagoa izan dezakete denborak ez baititu eraman enkistamendura.

Gazteek toki garrantzitsua duten egoera berri baten aurrean gaude, haiek kudeatu beharko dute gaurdanik eraikitzen hasiko garen bizikidetza eredu berria. Horregatik, inplementatzen diren mekanismo guztiek gazteriaren ahotsa entzuna izateko aukera izango dela ziurtatu behar dute.