logo

Gomendioak Iruñean, Bilbon eta Londresen

Gizartearen ahotsa entzunarazteko eta bake prozesua bultzatzeko aukera

 

Ekainaren 7an, ostiralean, Baluarten (Iruñan), 17.00etatik aurrera eta ekainaren 8an, larunbatean, EITBko Multibox Aretoan (Bilbon) 10.00etatik aurrera, Lokarrik bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialaren gomendioak aurkeztuko dizkio gizarteari.

Aurtengo martxoaren 14an eta 15ean nazioarteko adituak eta 700 pertsona baino gehiago bildu ziren Iruñan eta Bilbon bake prozesuaren erronka nagusiei irtenbide berriak bilatzeko: desarme eta desegitea, presoen itzultzea, Giza Eskubideen bermea eta nola egin aurre iraganari etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko.

Parte-hartzaileek eta nazioarteko adituek irtenbide eraikitzaileak bilatzeko egindako ahaleginaren fruitu, erakunde antolatzaileek (Bake Bidea eta Lokarri), bake prozesua bultzatzeko gomedioak jasotzen dituen dokumentu bat idatzi dute. Joan den astelehenean, maiatzak 27an, aurkeztu zen eta hemen kontsulta daiteke.

Asteburu honetako ekitaldiek parte-hartzeko, bake prozesua bultzatzen laguntzeko, interesa duten pertsona guztiek bere ahotsa entzunaraz dezaten eta gizarteak bake prozesuan duen paper protagonista aldarrikatzeko aukera berri bat eskeini nahi dute.

Horregatik, gomendioak aurkezteaz gain, ekitaldi hauek funtsean parte-hartzaileak izango dira. Parte hartzen duten pertsonek gomendioei buruz duten iritzia jasotzea eta bake prozesuko eragile nagusiek gomendioak aintzat har ditzaten parte-hartzaileen ideiak eta proposamenak jasotzea da helburua. Interesa duten pertsonek Foroaren webgunean eman dezakete izena.

Aurkezpena Parlamentu Britainiarrean

Joan den astean bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialaren gomendioak aurkeztu ziren Oslon, PRIO-k (Osloko Univertsitateko Bakearen Ikerketa Institutuak) antolatutako mintegi batean.

Bihar, ekainaren 4ean, asteartean, gomendioak Parlamentu Britainiarrean aurkeztuko dira “All-Party Parliamentary Group on Conflict Issues”-ek (Gatazkei buruzko Talde Parlamentario Alderdi Anitzak) antolatutako ekitaldi batean.

Ekitaldi honetan Andy Carl-ek, Conciliation Resources-eko zuzendari eta gomendioen idazketan lagundu duen errelatore taldeko kideak, eta Paul Riosek, Lokarriko koordinatzaileak, parte hartuko dute.

Ekitaldia 18.30etan hasiko da Parlamentuko Committee Room 18-an.