logo

“Hitzorduak” ekimenaren aurkezpena

Foro Sozialaren bultzatzaileek, Bakea Bideak eta Lokarrik, hainbat alditan adierazi dute bizikidetza eraikitzeko orduan gizartearen protagonismoa indartzeko funtsezko tresna bezala herritarren partaidetza bultzatzeko helburua. Izan ere, bake prozesuak agertzen dituen zailtasun eta erronken aurrean, arlo batzuetako aurrerapausoen gabezia eta horrek sortzen duen ezinegona kasu, gizartearen partaidetza oinarrizko bidea da aurrera egitea eta bake prozesua errotzea ahalbidetuko duten konponbideak topatzeko.

Horretarako Lokarrik Hitzorduak ekimena antolatu du, gizarte osoari zuzendutako solasaldi eta mintegiek osatzen dutena, Foro Sozialaren gomendioen giltzarrien inguruan konfiantzaz eta segurtasunez hitz egiteko eta iritzi ezberdinak entzuteko.

Hitz egin, entzun, parte hartu

Orain da hitz egiteko, entzuteko eta parte hartzeko ordua. Hauek dira ekimen hau abiarazten duten hiru printzipio nagusiak.

Hitz egiteko ordua da, bakearen errotzeak gizarte bezala bizikidetza eraikitzeko aurre egin beharreko erronkei buruz pertsona guztiek, alderdi sozial eta politiko guztiek, bere iritzia eman ahal izateko aukerak egotea eskatzen duelako.

Entzuteko ordua da, bizikidetzak alderdi sozial eta politiko guztien integrazioa eskatzen duelako eta elkar errespetuz entzutea lehen pausoa delako “bestearengana” hurbiltzeko eta hala bere ideia eta proposamenak ulertzeko, bai eta modu horretan gizarte bezala batzen gaituena identifikatzeko.

Parte-hartzeko ordua da, bake prozesuak dituen zailtasunen aurrean, herritarren parte-hartzea oztopoak gainditzeko bidea delako.

Hala, Hitzorduak ekimenak herritar orori gune bat eskaini nahi dio bide propioa egin dezan, bake prozesu propioa. Bide hau topaketarako guneen abiatzean oinarritu behar da, non desberdinaren duintasuna errespetatzen den eta ideia eta proposamen ezberdinak eta euskal gizartearen iraganari, orainari eta etorkizunari aurre egiteko modu ezberdinak entzuteko aukera zabaltzen den. Hitz egiteak eta norberak pentsatu eta sentitzen duena modu garbian adierazteak, iritzi hori izatera heltzeko jarraitutako prozesua azpimarratuz, besteek ere norberaren jarrerak ulertzeko gaitasun handiagoa izan dezaten laguntzen dute eta era konstruktibo batean harremanetan jartzeko modu bat da.

Solasaldiak

Ekimena funtsean Foro Sozialaren gomendioetan jasotako gai bat jorratuko duten solasaldien antolaketan datza, auzian sakontzeko, iritzi anitzak ezagutzeko eta proposamenak errealitatean zehaztea ahalbidetuko duten ideia berriak sortzeko aukera emanez.

Solasaldi hauek gehienez ere 30 lagunei zuzenduta egongo dira, eta beraz, ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea. Gonbidatutako hizlari batek bakoitzean jorratuko den gaiaren sarrera egingo du eta, gero, partaidetza, elkar-entzutea eta errespetuan oinarritutako dinamika baten bidez, bertaratutako pertsona guztien iritziak azaltzeko unea eskainiko da.

Hurrengoak dira dagoeneko konfirmatuta dauden lehenengo solasaldiak, hemendik eta ekainera arte ekimen hau EAE eta Nafarroako herri eta auzoetan zehar ugarituko den arren:

 

    • “Egia eta biktimen aitortza” solasaldia Gorka Landabururekin. Urtarrilaren 22an, asteazkena, Gasteizen

 

    • “Presoen gizarteratzea” solasaldia Karlos Ioldirekin. Urtarrilaren 23an, osteguna, Donostian

 

    • “Berradiskidetzea” solasaldia Juan Maria Uriarterekin. Urtarrilaren 29an, asteazkena, Bilbon.

 

    • “Egia eta biktimen aitortza” solasaldia Iñaki García Arrizabalagarekin. Urtarrilaren 30ean, osteguna, Iruñean.

 

    • “Giza eskubideak: bermeak” Andrés Krakenberger-ekin. Otsailaren 5ean, asteazkena, Bilbon.

 

Bestalde, mintegiak Giza Eskubideak, memoria eta bake prozesua Nafarroan bezalako gaietan adituak diren pertsonei zuzenduta egongo dira eta goiz batean zehar egungo gai horien giltzarri eta erronketan sakonduko dute.

Solasaldi eta mintegietan jasotako ideia nagusiekin, herritarren eta instituzioen artean zabalduko den ondorioen txosten bat egingo da.

Lokarrik herritar guztiak animatu nahi ditu proposatutako solasaldiren batean izena emanez parte hartzera. Azken finean bakearen eraikuntza prozesu baten emaitzen hartzaileak herritarrak beraiek dira, eta beraz, garrantzitsua da gizarteak prozesua eta baita lortzen diren aurrerapausoak ere bereganatu ditzan. Unea orain da: hitz egiteko ordua da. Entzuteko ordua da. Parte hartzeko ordua da.