logo

Lokarrik Hitzorduak ekimenaren esperientza biltzen duen argitalpena aurkeztu du

Gaur Lokarrik Hitzorduak ekimenaren bidez abian jarritako esperientzia deskribatu, aztertu eta baloratzen duen argitalpena aurkeztu du. Formatu digitalean egin da eta Lokarriren lagunen sareari eta solasaldietako partaide eta hizlariei helaraziko zaie.

Hitzorduak ekimena

Orain da hitz egiteko, entzuteko, parte hartzeko ordua. Horiek dira Hitzorduak ekimenak oinarritzat hartu zituen hiru printzipio nagusiak. Hitzorduak elkargune eta partaidetzarako espazioak izan ziren, gizarteak parte hartu, entzun, beren iritzia eman eta aurrerapauso gehiago bultzatzeko xedearekin sortuak.

Joan zen urtarriletik Hitzorduak ekimena herri eta auzo ezberdinetan abiarazi da eta 800 lagunek baino gehiagok hartu dute parte antolatutako 26 solasaldietan. Eztabaidatutako gaien artean egon dira giza eskubideak, eskubide zibil eta politikoak, memoria eta egia, biktimak, presoen gizarteratzea eta adostasunak. Hizlarien artean esparru akademiko edo profesionaleko adituak, bake prozesuaren inguruan lanean diharduten taldeen ordezkariak edo indarkeria eta Giza Eskubideen urraketen ondorioak zuzenean jasan dituzten pertsonak egon dira.

Ondorioa: bizikidetza errotzen ari da

RP presentacionEkimen honen balorazio orokorra zinez positiboa da: beste ikuspuntu batzuk ezagutzea, iritzi eta informazio berriak, hasieran urruti sentitzen ziren jarrerak ulertzea eta norbere ikuspuntuaz hausnartzea izan dira gehien nabarmendu diren alderdiak. Hitzorduak ekimena, azken finean, bizikidetzarako eta gizarte adiskidetzarako ekarpen positibo bat izan da. Hala ere, balorazioak, datuak eta iritziak ez dira esperientzia honek benetan zer suposatu duen islatzeko gai. Zaila da topaketa horietako askotan sortu den “magia” igortzea.

Esperientzia honek iraun duen sei hilabete hauetan, ETAren biktima batek bere esperientzia partekatu ahal izan du polizia gehiegikeriaren biktima izan direnekin, baita sufrimendu hori ulertu eta lagundu ere; GALen biktima baten senide batek barkamen hitzak entzun ahal izan ditu erakunde parapolizial horren gehienezko jarduera garaietan kargu politiko garrantzitsu bat zuen pertsona baten ahotik; tortura sufritutako pertsonek Ertzaintzaren ordezkariekin hitz egin ahal izan dute; solasaldiak amaitzerakoan ere une hunkigarriak eman dira, gizatasun eredu horien lekuko izan zirenen oroitzapenean geratuko direnak.

Guzti horrek erakusten du ez bakarrik desberdinarekiko eta aniztasunarekiko errespetuan, elkarrizketan, elkar-entzutean eta enpatian oinarritutako bizikidetza bat posible dela, baizik eta jada sozialki errotzen ari dela. Egunez egun, eguneroko keinuekin, eremu politikoan edo komunikabideetako titularretan ikusi ahal dena baino askoz aurrerago joaten ari da gizartea.

Orain, gizarte bezala gure ardura da bakea, ezberdintasunen errespetua eta etorkizuna modu baketsuan eraikitzeko nahia hemendik aurrera indar eta motor izateko lan egitea.

Jeitsi argitalpena