logo

Foro Sozialaren gomendioen aurkezpena Suitzako Parlamentuan

Gaur asteazkena, abenduak 11, 13.00etan, Suitzako Parlamentuan bilera bat burutuko da, non bake prozesuaren egungo egoera aztertuko den eta bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialak landutako gomendioen dokumentua aurkeztuko den.

Bilera Suitzako Parlamentu Federaleko Euskal Herria-Suitza Intertaldeak antolatu du. Intertalde honetan hainbat suitzar alderdietako parlamentariek parte hartzen dute eta duela zenbait urte bake justu eta egonkor bat sustatzeko euskal gizartearen esfortzuak arreta eta interes bereziarekin jarraitzen ditu.

Gomendioen aurkezpena Lokarriko koordinatzaile den Paul Riosek egingo du. Bertan bake prozesuan izandako aurrerapauso nagusiak azaltzen saiatuko da eta gaur egun dauden erronkei aurre egiteko zailtasunak zeintzuk diren agertuko du.

Bereziki, Foro Sozialaren gomendioen dokumentua nabarmenduko du, hein batean proposamen errealista, bideragarria eta barne-hartzailea baita bakea eta bizikidetza errotzeko.

Azkenik, parlamentariek agertutako interesa eskertuko du, nazioarteko babes horrek euskal gizartea berebiziko eginkizun honetan ez dagoela bakarrik erakusten baitu eta gizarteak errepikatu nahi ez duen iragan ilun batetik ateratzeko esfortzua balioesten duten eta fede onez diharduten pertsona askoren laguntza eta arnasa duela erakusten baitu.