logo

Herritarren parte-hartzea bake prozesua bultzatzeko

RP egitarauaEkainaren 20an eta 21ean bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialaren saio berriak burutuko dira. Modu horretan herritarren arteko elkarrizketa ziklo berri bat hasten da 2013ko maiatzean Foroak aurkeztutako gomendioei heltzeko. Oraingo honetan, herritarren parte-hartzea bake prozesuan eta presoen itzultzea izango dira eztabaiden ardatz.

Aditu zerrenda plurala

2013an bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialak nazioarteko lehen mailako adituak bildu bazituen desarmea, itzultzea, Giza Eskubideak edo adiskidetzea bezalako gaiak lantzeko, oraingoan nazioarteko zein tokiko adituek parte hartuko dute.

Herritarren parte-hartzeari buruzko saioan, ekainaren 20an, ostiralean burutuko dena, arratsaldeko 17.00etatik aurrera Iruñeko Baluarten, bake prozesu ezberdinetan parte hartu izan duten adituak izango ditugu, hala nola Kolonbian, Filipinetan, Ekialde Ertainean edo Palestinan eta Israelen, gatazken konponbidean gizarte zibilak paper protagonista bat izan zezan jardunean aritu diren pertsonak. Kristian Herbolzheimerrek, Theodore Murphyk eta Alberto Spektorowskik bere esperientzia eta ezagutza partekatuko dituzte gizartea bake prozesuen protagonista izan dadin dauden baliabideei buruz.

Nafar herritarren iritziak ere tarte garrantzitsu bat izango du foro honetan. Iritzi ezberdindun eta espazio soziopolitiko ezberdinetatik datozen pertsonek Nafarroako gizarteak bizikidetzaren eraikuntzan jokatu behar duen paperari buruzko bere ikuspegia azalduko dute. Hortaz, parte hartzen duten pertsona guztiek Nafarroako Arartekoa den Francisco Javier Eneriz, Floren Aoiz, Mikel Armendariz eta Mirentxu Purroyren iritziak entzun eta beraiekin eztabaidatu ahal izango dute.

Ekainaren 21ean, larunbatean, goizeko 10.00etatik aurrera Euskalduna Jauregian burutuko den saioan, presoen itzultzea izango da hizpide. Brian Currin, Ipar Irlandako Sententzien Berrikuspen Batzordeko presidente izandakoa, Daniel Holder, Justizia Administrazioari buruzko Batzordeko presidenteordea, eta Séanna Walsh, irlandar preso ohia izango dira bere ezagutza partekatzen gai delikatu eta garrantzitsu honen inguruan.

Euskal bake prozesuaren errealitatera eta legalitatera presoen itzultzearen gaia gerturatzeko asmoarekin, aditu talde plural batek presoen tratera humanitariorako bideei buruz eta itzultze prozesu oso eta errealista bat definitzeko bideei buruz eztabidatuko du. José Antonio Martín Pallín, Auzitegi Goreneko magistratu ohiak, Iñaki Lasagabaster, Jon Landa, Rafa Sainz de Rozas eta Javier Mira irakasleek eta Askatasunako bozeramaile izandako Juan Mari Olanok helduko diote gaiari.

Beharrezko eztabaida

Joan den astean bertan jakin izan genuen espetxe arduradunek presoek egindako lehen gerturatze eskaerak atzera bota dituztela. Ez da ezusteko albiste bat izan. Errealitate honen aurrean herritarren arteko elkarrizketa indartu beharra dago, presoen gizarteratzerako konponbide integral eta errealista bat aurkitzeko beharrezko adostasunak sortzen joateko.

Hori da bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialak duen garrantzia. Gizarte zibilaren parte-hartzea bakea errotzeko proposamen eta konponbide berriak lantzeko funtsezkoa da. Funtsezkoa da baita ere bake prozesuaren protagonismoa gizarteari ematea. Funtsezkoa da, azken finean, aldatu nahi ez duten horiek, iraganean bizi diren horiek, bake prozesua blokeatzeko gaitasunik ez izateko.

Duela urtebete bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialak parte-hartze gune zabal eta plurala eskaini zuen. Bake prozesuan aurrerapauso berriak ahalbidetu dituzten proposamenak ere egin zituen. Horrek gizartearen parte-hartzeak bake bide berriak irekitzeko gaitasuna duela erakusten du. Ekainaren 20an eta 21ean denon artean bizikidetza eraikitzen jarraitzeko aukera berri bat dugu eta horregatik herritar guztiak eztabaidetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.