logo

Bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialak eztabaida saio berriak antolatu ditu

F 2014 txiki
 
 
  Ekainak 20. 17:00. Iruñea. Herritarren parte-hartzea bake prozesuan
  Ekainak 21. 10:00. Bilbo. Preso eta iheslarien itzultzea

 

2013ko martxoaz geroztik egindako lanaren ondoren, bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialaren erakunde sustatzaileek saio eta jarduera berriak abiaraziko dituzte datozen hilabeteotan. Bakearen eta bizikidetzaren errotzea bultzatzea, bake prozesuan gizartearen protagonismoa indartzea eta orain dela urtebete aurkeztutako gomendioen edukietan sakontzea izango dira ekimen horien helburuak.

Azken urteetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, baina oraindik ere zailtasun handiak daude; bake prozesu barne-hartzaile bat errotzeko gainditu beharreko zailtasunak, alegia. Hortaz, Foro Soziala bezalako ekimenak beharrezkoak dira hausnarketa egin, partekatu eta konponbide berriak definitzeko.

Foro Sozialak bake prozesua bultzatzeko 12 gomendio jasotzen zituen dokumentu bat aurkeztu zuen. Ideia berriak dira, konstruktiboak, bake eta bizikidetzaranzko bidean aurrerapauso berriak lortzeko gaitasuna dutenak. Edozein kasutan, garatu eta sakondu beharreko lehen proposamen bat izan dira. Foro Sozialaren izaera parte-hartzailea dela eta, interesa duten pertsona guztientzako gune ireki eta plural bat zabalduz egin nahi dugu, hitz egin, entzun eta bake prozesuarentzako ideia konstruktiboak partekatzeko. Horregatik, saio berri hauek antolatzen ditugu.

 

Foro Sozialaren saio berriak

 

 

Bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialak bi lan-saio berri burutuko ditu bake prozesuarekin zerikusia duten gai berriak lantzeko eta gizarteari dagokion protagonismoa emateko helburuarekin.

Ekainak 20. 17:00. Iruñea. Herritarren parte-hartzea bake prozesuan

Foro Sozialaren lan-saio honek herritarren parte-hartzea bake prozesuan izango du ardatz. Herritarren inplikazioa erraztuko duten eta bizikidetza eraikitzeko lanean gizartearen protagonismoa indartuko duten hainbat esperientzia eta tresna ezagutzea da helburua. Aldi berean, eta modu zehatzago batean, bake prozesuan Nafarroako herritarren parte-hartzearen gaiari helduko zaio.

Ekainak 21. 10:00. Bilbo. Preso eta iheslarien itzultzea

Foroaren lan-saio hau 2013ko maiatzean aurkeztutako gomendioen ataletako baten edukietan sakontzera bideratuko da: preso eta iheslarien itzultzea. Hain zuzen ere, duela urtebete proposatutako ideiak zehazteko eztabaida zabalduko da, modu horretan konponbide berriak definitzeko.

 

Parte-hartzeko gonbidapena

Foroaren bi saio hauetan herritarren parte-hartzearekin eta preso eta iheslarien itzultzearekin zerikusia duten gaietan jakitunak diren bai nazioarteko zein tokiko adituek parte-hartuko dute.

Halaber, Foro Sozialaren bi saioak interesa duten pertsona guztien parte-hartzeari zabalik egongo dira.

Foroan landuko diren gaien inguruko ekarpenak biltzeko prozesu bat abiaraziko da baita ere. Horretarako, hemen eta hemen bi galdetegi daude eskuragarri, bere ekarpena egin nahi duen edozein pertsona edo taldek bete dezan.

Azkenik, bake prozesuan gizartearen protagonismoa indartzeko dei bat eginez amaitu nahi dugu. Gizartea ezin da ikusle soil bat izan bake prozesuan, bigarren maila batean zokoratuta. Bere ahotsa eta iritzia aintzat hartuak izan behar dira, bakearen eta bizikidetzaren iraunkortasuna hein handi batean bere esku baitago, gizartea bera partaide sentitzearen eta konponbide bilaketan gogotsu aritzearen esku, alegia. Zentzu horretan, Foro Sozialak herritarrei eman nahi die hitza eta bake prozesuaren protagonista izateko aukera. Beraz, protagonista izateko prest dauden pertsona guztiak Foro Sozialaren saio hauetara etortzera gonbidatu nahi ditugu. Gure erronka eta gure ardura da bake prozesuaren aukera momentu hau baliatzea.

 

Informazio osagarria

- Etortzekotan ezinbestekoa da izena ematea hemen edo 902 42 10 10 telefonora deituz.

- Saioak burutu baino astebete lehenago egitarau osoa eta mahai-inguruetan parte hartuko duten adituen izenak jakinaraziko dira.