logo

Armagabetze adostu, ordenatu eta nazioarteak egiaztatutako baten alde

Pasa den urtarrilaren 3an Bilbon zera baieztatu zuen Foro Sozial Iraunkorrak: “Gaur gertuago gaude, arrazoizko epe batean, ETAren arma guztiak suntsitzearen ondorioz, armagabetze osoa burutuko den egunetik. Eta jendarte zibilaren inplikazioa da, hain zuzen, aurrerapen hau ahalbidetzen duena”

Jendarte zibila aktiboa izan dadin derrigorrezkoa da informatua egotea. Azterketa zehatza egin ahal izateko elementu guztiak behar ditu.

Xede honekin, Foro Sozial Iraunkorretik atxikituta doan dokumentoa kaleratu dugu, izenburu honekin: “Armagabetze adostu, ordenatu eta nazioarteak egiaztatutako baten alde”.

Helburua? Une honetako ETAren armagabetzearen egoera partekatzea instituzio, eragile eta herritarrekin eta, bestalde, gai honen inguruan, arrazoizko epe batean, fase erresolutibora heltzea ahalbideratzen duten gure proposamenak azaltzea.

Era berean, eta ildo beretik, gai honen inguruan gertatu diren bi iniziatiba baloratu nahi ditugu:

  • Iñigo Urkullu lehendakariaren proposamena Espainiar Gobernuari “partehartze delegatua” eskatuz (2016-12-4an zenbait komunikabideetan egindako elkarrizketetan esandakoa).
  • Foro Sozial Iraunkorrak positiboki baloratzen du proposamena. Proposamen horrek prozesuan parte hartzen duten guztiei, segurtasun bermeak eskainiko duen akordioa jaso beharko luke.
  • Pasa den 2017ko otsailaren 10ean Miarritzen Frantziar Gobernuko Kanpo Gaietarako Ministroa den Jean-Marc Ayrault-en adierazpenak.

Foro Sozial Iraunkorrak adierazpen hauek François Hollandek zuzentzen duen gobernuaren keinu gisa ulertu nahiko lituzke. Baina, tamalez, eskutan ditugun datu guztien arabera, Frantziar Gobernuak ez du armagabetze prozesu ordenatu eta nazioarteak egiaztatutako batean parte hartzerik nahi. Beraz, galdera honakoa da: Ayrault jaunak maila pertsonalean egin bide ditu adierazpenok edota gobernuko kide gisa? Bera jakitun da, adierazpen horiek Frantziar Gobernuaren posizio aldaketa zintzo eta leiala suposatzen badute, jendarte zibiletik prest egongo garela prozesu horretan laguntzeko.

Zentzu honetan, Espainia eta Frantziako Gobernuei eskaera berretsi nahi diegu, hau da, euskal jendarteak bizi duen esperantza une hauek ez zapuzteko. Ardurak har ditzatela, eta modu zuzenean edo zeharka, lagundu dezatela armagabetze ordenatu, kontrolatua, segurua eta gardena burutzen, antzeko gatazketan aplikatu diren nazioarteko estandarrak erabiliz.

2017ko otsailaren 16a

Bake foroa EUSK